Mun du arabiarrak bizi dituen matxinadak,
iraultzak, Udaberria... edo dena delakoa izan dute ardatz Donostiako
Udaleko Lankidetza Sailak hilabete hauetan antolatu dituen jardunaldiek.
Eta egitasmo horri amaiera ezin hobea eman zioten asteazken iluntzean
Donostiako San Telmo museoan hiru euskal kazetarik, mahai baten bueltan
bilduz.
Hiru abiapuntu eta ikuspuntu desberdin baina erabat bateragarriak
ezagutzeko parada izan zuten bertaratu zirenak -nik neuk hiruretatik bi
lagun estimatuak ditut-. Maddalen Iriarte aurkezle-kazetari ezagunaren
gidaritza eta ofizioarekin gainera.
Turkian harrapatu zuen Tunisiako iraultzak Mikel Aiestaran, gure
artean ETBko «Teleberri»-etan eskaintzen dituen kronikengatik ezaguna
dugun kazetaria. Tunisiatik Egiptora, Libiara, Yemenera, Siriara... «Ni
batez ere Afganistanen eta Pakistanen aritua nintzen, niretzat, beraz,
berria zen historia. Herrialde bitxiak ziren, ordura arte ez baitzegoen
han lan egiteko sartzerik. Sekulako erronka izan zen niretzat jendeari
azaltzen saiatzea zer-nolako garrantzia zuen eta duen mugimendu horrek».
GARAko kazetaria den Alberto Pradilla harro dago «prozesu historiko
baten lekuko izan garelako. Oraindik ez gara kapaz barneratzeko
mugimendu horren garrantzia, baina izugarria da duela hiru urte nola
zeuden eta egun zeren aurrean gauden ikustea». Tunisiatik Libiara sartu
zen iazko otsailean. «Oso luzea eta oso gogorra izan zen Libiakoa, azken
finean iraultza baino gerra bat izan zen, esperientzia izugarria».
Karlos Zurutuza GARAko kolaboratzailea -egun «Berria» egunkarian
argitaratzen ditu bere lanak- Iraken zegoen Udaberri Arabiarrak eztanda
egon zuenean. «Horrelakoetan, istorioak kontatzeko tokian ez zaudela
konturatzen zara, eta, nire lehen aldian, Afrikara salto egin nuen».
Tripolira sartzen saiatu ostean -«bisaren ordez hotelean guztiz
kontrolatuta zeunden eta niretzat onartezina zen ekonomikoki, moralki
eta profesionalki»-, eta «Bengasi eta Misratako fronteak kazetariz
gainezka zeudela ikusita», Tunisiako mugatik Naffusako frontera iritsi
zen. «Han deskubritu nituen amazighak, Gadaffiren aurka gerran zuzenean
parte hartu zutenak, baina egun iraultzarekin oso etsita daudenak».
Baikorrak, baina baita kritikoak ere
Izan ere, altxamendu hauei buruz ikuspegi positiboa baina aldi berean
kritikoa dute hirurek. Zurutuzarekin jarraituz, «tokian tokiko
azterketa egin beharko litzateke».
Aiestaranek itxaropenarekin eta baikor ikusten du
Tunisiako eta
Egiptoko egoera. «Nire ustez islam berri batean aurrean gaude eta zortzi
hamarkadatan klandestinitatean eta kartzeletan egon eta gero, nire
ustez aukera bat merezi dute». Pradilla ados da askatasun demokratikoen
aldetik «garaipen bat» izan dela, «baina justizia sozialari begira
beldur naiz, islamisten ikuspegi ekonomikoa guztiz liberala delako;
azkenean, berriz ere jokoan betiko aktore ekonomiko globalak sartuko
direla uste dut».
Siriako egoera oso beltz ikusten dute. «Agenda eta interes asko daude
eta gerra martxan jartzen denean prozesu demokratikoa eta
aldarrikapenak lurperatuta geratzen dira», dio Aiestaranek.
Libian bezala, gehitzen du Pradillak, non «NATO matxinadaren fronte
militarra bihurtu zen, hori bai, Al Jazeera katearen fronte
mediatikoaren batera».
«Kazetaritzaren mugak arabiar iraultzetan» du izenburua mahai
inguruak eta saihestezina zaio Maddalen Iriarteri informazioak iraultza
hauek, garaipenak edo porrotak, zenbatetaraino baldintzatu dituen
galdetzea. Zurutuzak adibide argi batekin erantzuten du: «Ekainean
Aljerian izan naiz eta sahararrak elkarrizketatzeko aukera izan dut. Oso
erraz ahaztu gara 2010ko urrian Aaiunen izan zen altxamenduarekin.
Marokok prentsari ateak itxi zizkion. Beraiek esaten dute Tunisian,
Egipton edo beste herrialdetan izandako oihartzunaren %30 izan balute
sahararrak beste egoera batean egongo liratekeela gaur egun».
Pradilla ere bat dator eta Tunisian 2008an izan zen greba orokorra
gogora ekarri du: «
Al Jazeerak kasu egin ez zionez, ez zen kontagiorik
izan, ez hiriburuan, ezta gainerako herrialdeetara ere».
Aiestaranek beste ikuspuntu bat jartzen du mahai gainean: «Erregimen
haietan ez zegoen askatasunik eta Al Jazeerak ekarri zuen fenomenoa
guztiz berritzailea izan da. Hunkigarria zen Tahrir plazan edo Bengasiko
Askatasun plazan milaka pertsona ikustea telebistatik albisteak
zuzenean jarraitzen. Zera adierazten zuten: `Telebistan agertzen gara,
errealitatea hor dago'».
Gerra guztiak bezala, «Libiakoa ere mediatikoa zela ondo konturatu
ziren matxinatuak. Hartzen zuten lurraldetan berehala mugak eta Internet
zabaltzen zuten. Eta Gadaffik ez zuen hori ulertu», dio Pradillak.
Espontaneoa edota esku beltza
Informazioa arma bat da, gerran nahiz politikan. Baina oro har ez
daude ados altxamenduen atzetik esku beltz bat ikusten dutenekin. «Inork
ez zuen aurreratu eta adituak ipurdia bistan geratu ziren. Hori polita
da», azaltzen du mendeku puntu batekin Aiestaranek. «Haserrea zegoen,
nekea, baina, bide batez, segurtasun neurri zorrotzak. Inor ez zen
mugitzen. Egiptoarrentzat herrialde xumeena Tunisia da eta, bertan
gertatu zena ikusita, honako galdera egin zuten: `Haiek altxatu dira,
eta gu? Hamazortzi egunetan 40 urteko diktadurarekin amaitu zuten».
Kontagio efektuarekin bat dator Pradilla, baita Zurutuza ere, baina
azken honek bere zalantzak eransten ditu: «Argi dago espontaneoa eta
kutsagarria izan zela, baina Libiako kasua ikusita... Hor dago tesi
hori, dena kanpotik prestatuta zegoela, programa zehatz baten barnean.
Argi dago zuk ezin duzula motore bat martxan jarri gasolinarik ez
badago, baina, hala ere, kosta egiten zait guzti honen argi-itzalak
ulertzea. Ez daukat zalantzarik ni han egon naizen jendearekin egon eta
gero, baina begi bistakoa zen Libian interbentzioa zegoela eta atentzioa
deitu zidan zein ondo antolatuta zeuden prentsa aldetik. Norbaitek
irakatsiko zien».
Esku beltzaren mamua aipatuta, jaso dituzten kritika oso gogor batzuk,
CIAren morroiak zirela tartean, aipatu behar.
«Behar bezala informatzeko beste aukerarik ez zegoelako jo genuen
Libian matxinoengana. Mertzenarioak,
Al Kaedakoak eta drogazaleak zirela
zioen Gadaffik. Nik herritarrak armak hartuta edota armarik gabe
frontera joaten ikusi nituen, besterik ez. Eta ikusi nuena konta
dezaket, ez besterik», dio Zurutuzak, Gadaffiren eta al-Assad Siriako
presidentearen inguruan ezker mugimenduan egon den zatiketagatik mina
agertuz.
Albertok ere gogor erantzuten die kritika hauei. «Pena ematen du
batzuek bahitutako egunkariak irakurri nahi izatea, gustatzen ez
zaizkien berriak ez direla agertu behar eta puntu pentsatzea. Kritikak
guztiz beharrezkoak dira, baina gertakarietan oinarrituta edota
gutxienez oinarri batekin».
Adibide gisa, «Gadaffiren kartzeletan torturatu egiten zela, frogekin
gainera, idazten zenuenean NATOren aldekoa zinela leporatzen zizuten.
Eta alderantziz egiten zenuenean, inolako aipamenik ez. Aurreiritzietan
eta gezurretan oinarritzen diren iritzietan sartzeak ez du merezi»,
amaitzen du.
Etorkizunak nora eramango dituen galdetzerakoan, «Mendebaldearen
interesen arabera» herrialdeak agertu eta desagertu egiten direla
komunikabideetan onartzen du Aiestaranek. «Freelance kazetariak
egunkarietako editoreek-eta erosteko asmoa duten ala ez, horren menpe
gaude», azaldu zuen Zurutuzak. Pradillak, hala ere, «aukera gehiago
ikusten ditut Euskal Herrian mota honetako kazetaritza egiteko Estatu
espainolean baino», esan zuen. Ea laster hiruron kronika gehiago ditugun
eskuartean. Eta ea iraultzak irabazle irten direla kontatzeko diguten
horietan!