2013/05/30

Nondik dator "eskirol" hitza? (Argia aldizkaria)

Urtxintxek ehungileen greba hautsi omen zutenekoa



Manlleu (Katalunia), XX. mende hasiera. Bartzelonako inguru osoan bezala, Ter ibaiak zeharkatzen duen udalerrian garapen industrial bizkorra izan zen aurreko mendean, energia hidraulikoak mugiarazten zituen ehungailuei esker. Baina mende aldaketarekin bat, ehungintzaren krisialdia iritsi zen, Espainiak azken koloniak galdu izanak merkatua asko murriztu zuelako gehienbat. Langileen baldintzak, aurrez ere gogorrak, larriagotu egin ziren, eta inguruko beste askok bezala, Manlleuko ehungileek grebara jotzea erabaki zuten behin baino gehiagotan.

Ehungintza fabriketako jabeak grebalarien eskulana ordezkatuko zuten langileen bila aldameneko herrira joan omen ziren, Santa María de Corcó-ra. Baita ehungailuak martxan izateko adinako taldea bildu ere. Santa María de Corcóri L’Esquirol (katalanez, “urtxintxa”) ere esaten diote, herrian izen bereko taberna ezaguna zegoelako, eta tabernan, kaiola batean sartuta, karraskari txikia. Horrenbestez, Manlleuko grebalariak haien ordez jarduten zuten greba-hausleei esquirol esaten hasi omen zitzaien. Izengoiti bitxia pixkanaka zabaldu zen, Kataluniako mugak ere gainditu zituen eta greba-hausleren sinonimo da gaur egun gaztelania hitz egiten den lurraldeetan. Horixe da behintzat RAEk (Espainiako Errege Akadamiak) bere hiztegian, esquirol hitzari dagokion atalean, jasotzen duen azalpena.

Bertsio hori bera jaso zuen Rafael Puget Manlleuko industrialariak bere memorietan, Josep Pla idazleak Un senyor de Barcelona (1945) lanean aipatu bezala. Gainera, Pugeten arabera, goitizena Katalunia osoko lehenengo grebetako batean sortu zen.

Beste iturri batzuen arabera, ordea, eskirol ezizenaren jatorria zaharragoa da, Kataluniako langile mugimendua jaiotzearekin bat sortutakoa, hau da, langileak greba borroka tresna gisa erabiltzen hasi baino lehenagokoa.

Bigarren bertsio hori hemerotekan bermatzen da; 1941. urteko artikulu batean dagoeneko eskirolak aipatzen dira, eta kazetaria ez da Santa María de Corcóko biztanleez ari. Urte horretan, Igualada herrian, Bartzelonako Ehungileen Mutualitatea ezartzeak protestak eta liskarrak eragin zituen. Testuinguru horretan, mutualitatearekin bat egin zuten langileei “urtxintxa” esaten omen zieten, eta bazkide ez zirenei, aldiz, “mairu”.

2013ko maiatzaren 30a, Euskal Herriko greba orokorraren eguna


Nagore  Irazustabarrena

Nagore  Irazustabarrena
Argia, 2371. alea
2013-06-02

2013/02/20

Duela 10 urte EGUNKARIA itxi zuten - Zaharrak Berri - kauta



Irudia#Daitort orain 10 urte Xingola irakurtzen jarraitzen nuen, kariño handia nion gehigarri horri... #Egunkaria10urte twitter.com/ikertb/status/…
— Iker Tubia (@ikertb) 20 de febrero de 2013

Zaharrak Berri - Kauta




Goizean begiak ireki ditut
berriak entzundakoan
tristura jendearen aurpegietan
nabaritzen da
kalean nire bizilagun dudan
agure alaitsua
begiak amorruaren malkoez
bustiak dira
erantzun beharra denon gain
adierazi beharra
gureak diren gauzak zabalduz
eta gure indarrak batuz
hizkuntza bakarra dugu guk
komunikabideen artean
euskaraz daukagun
Egunkaria
Euskara delako
euskaldunon oinarri
indarra erabil eta galerazi
zerbait lortu eta
orain daude esku hutsik
orain dugu aukera
Berria eraikiz
Ukatzen gaituzten
gauza guztien gainetik
daude gure oinarriak
geldiezinak diren hitzak...
Oraindik daude esku hutsik
orain dugu aukera
segi aurrera!!

http://eu.musikazblai.com/kauta/zaharrak-berri/

INFORMAZIOA



2012/12/06

Artearen Historian zehar bidaiatzen Hold Your Horses musika-taldearekin

Zertarako balio du Artearen Historia ikasteak ?

Jajaja !!!

Ea ezagutzen dituzun bideoklip honetan agertzen diren 25 artelan ospetsuen izenburuak, artisten izenak, datak, estilo artistikoak ... ? 


Erantzunak hemen:



Oscar Niemeyer hil da, Brasilgo arkitekturaren aita

Azken hilabeteetan hainbat alditan ospitaleratu zuten Niemeyer, osasun arazo anitzak zituelako. Rio de Janeiroko agintariek hiru dolu egun ezarri dituzte.


Eitb.com2012/12/06



104 urte zituela hil da Oscar Niemeyer Brasilgo arkitektoa. Argazkia: EFE

Oscar Niemeyer Brasilgo arkitektoa asteazken honetan hil da, 104 urte zituela, hainbat osasun arazoengatik azken hilabeteetan hainbat alditan ospitaleratuta egon ostean, O'Globo kateak jakitera eman duenez.

Maiatzean hiru aste eman zituen ospitalean pneumonia baten ondorioz. Urrian ospitalera itzuli zen deshidratazio batengatik. Azaroan giltzurrunean eta biriketan arazoak izan ostean,azaroan ere ospitalean eman zituen azken asteak. Rio de Janeiroko ospitalak zabaldu zuenez, Niemeyerren egoera "larria" zen.

Brasilgo arkitekturaren aita


Abenduraren 15ean 105 urte betetzera zihoan Niemeyer. Brasilgo arkitekturaren aitatzat jo zuten. Obra nagusiena Brasilian Lucio Costarekin egindakoa zen. Halaber, Nazio Batuen Erakundeko Idazkaritza Nagusiaren egoitza (New York), Frantziako Alderdi Komunistaren egoitza (Paris), Brasiliako Catedral Katolikoa eta Niemeyer Zentroa (Asturias) eraiki zituen.

Hiru dolu-egun


Rio de Janeiroko agintariek hiru dolu-egun ezarri dituzte. "Brasilgo arkitekto garrantzitsuena eta nazioartean arkitekturaren jenioa zen", azpimarratu du Sergio Cabral Rio de Janeiroko gobernadoreak. "Brasilgo herriak Niemeyer maite zuen", azaldu du, "oso atsegina zen eta sinesmen irmo zituen".

2012/12/03

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko dokumentala

Darabilgun euskara

    Dokumental honetan, euskararen historia, egungo egoera eta hemendik 1.000 urtera izan dezakeen egoera azaltzen dira. Gainera, Fidela Bernat, erronkarieraz hitz egiten zuen azken pertsona (1991n hil zen), gogoratzen dute.

     

     Euskararen Nazioarteko Eguna


    Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) Eusko Ikaskuntzak sortu zuen 1949an. Eta Elkarteak, XXI. mendean, gizarteko aldaketa eta erronka berrietara egokituz, gogo biziz eusten dio euskal hizkuntzari bere lan arlo guztietan.

    Eitb Nahieran2002-ko urriak 26

Ehunka pertsonek Austerlitz-eko bataila berregin dute Txekiar Errepublikan

Parte hartzaileek Txekiar hiriburuko zelai batean berregin dute 1805eko gertaera ospetsua. Napoleon I.a enperadoreak Austria eta Errusiarekin gerran zegoen, eta bataila honetan garaipena lortu zuen.
Eitb.com, 2012/12/02

2012/11/30

ERABAKI HISTORIKOA: Palestina Estatu behatzailea izatea onartu du NBEk



Mahmud Abbas Palestinako presidenteak bultzatutako erabakiak 138 boto izan ditu alde, 9 kontra eta 41 abstentzio izan dira.



Eitb.com, 2012/11/29


Nazio Batuen Erakundeen Batzar Orokorrak Palestina Estatu behatzailea izatea onartu du gehiengo osoz. 


Mahmud Abbas Palestinako presidenteak bultzatutako erabakiak 138 boto izan ditu alde, 9 kontra eta 41 abstentzio izan dira.


Ebazpenaren bidez, “Palestinari autodeterminaziorako eta independentziarako eskubidea berretsi diote, 1967 mugetatik aurrera” eta “kide ez den Estatu behatzailea” izendatu dute. 


Halaber, palestinarren eta israeldarren arteko bakea “behar-beharrezkoa” ikusi dute, eta bake “ justua, iraunkorra eta osoa” lortzeko negoziazioak azkartzea eta berriz hastea eskatu diete, NBEren erabakietan, Madrileko printzipioetan eta Laukotearen ibilbide-orrian oinarrituta.

Batzar Orokorraren hitzetan, behin-behineko akordio horrek oraindik zintzilik geratu zaizkien gaiei irtenbidea ematen lagunduko du: “Palestinako errefuxiatuak, Jerusalem, finkapenak, mugak, segurtasuna eta ura”. 

Palestinarrek eta israeldarrek negoziaketei berriro heltzea, premiazkoa

Bozketaren ostean, Ban Ki-moon NBEren idazkari nagusiak “historikotzat” jo duen eguna amaitzean azaldu duenez, “premiazkoa” da palestinarrek eta israeldarrek “negoziaketa” zuzenak berriro hastea. 


“Palestinarrek negoziaketa zuzenen ordezkariak izan ezin dutela errepikatu dutela uste dut”, adierazi du. 


Izendapen berria behin ezagututa, Palestinak sarbide zuzena izango du Nazio Batuen agentzietara, duela urtebete Unescorekin pasatu zen moduan, baita Nazioarteko Zigor Arloko nazioarteko auzitegietara ere. 

Laugarren saiakera, azkena

Ostegun honetako bozketa Palestinako agintariek Nazio Batuengandik babes handiagoa lortzeko egiten duten laugarren saiakera da, Nazio Batuek Palestinaren autodeterminazio eskubidea aitortu zutenetik 1974an. 


Azkeneko saiakera 2011ko irailean izan zen, eskubide osoko Estatuko kide izendatzeko Palestinaren eskaera blokeatu zutenean Segurtasun Kontseiluan, AEBen oposizioaren ondorioz.


2012/11/19

Indarkeria politikoaren biktima gisa aitortu dituzte Txiki eta Otaegi

BIKTIMEN AITORPENA 1960 ETA 1978 BITARTEAN


Zortzi eskaera onartu eta hiru baztertu ditu Poliziaren indarkeriaren biktimak aitortzeko sortutako lantaldeak.


Eitb.com, 2012/11/19

Panfleto que denuncia la ejecución de Txiki, Otaegui, Sáncez, García y Baena, fusilados por el régimen franquista, 1975.09.27. noticiasdegipuzkoa.com, 19 de Noviembre de 2012


Angel Otaegi eta Juan Paredes Txiki ETAko kideak indarkeria politikoaren biktima gisa aitortu dituzte. 1960 eta 1978 bitartean, Poliziaren indarkeriaren biktima gisa aitortutako lehen kasuetako bi dira. Frankismo garaian egindako azken fusilamenduetan hil zituzten Txiki eta Otaegi, 1975ean.


Motibazio politikoko indarkeriak eragindako biktimen kasuak aztertu eta Poliziaren gehiegikerien biktima izan zirenak aitortzeko helburuarekin, giza eskubideen urraketen eta beste motibazio politikoko egoera batean izandako beste sufrimendu bidegabe batzuen biktimei buruzko lantaldea sortu zuten Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak, eta astelehen honetan eman du lehen erabakien berri, Bilbon. Hala, 1960 eta 1978 bitartean izandako kasuei dagokienez, 8 eskaera onartu ditu (7 kasutan heriotzagatik eta kasu bakar batean lesioengatik), eta 3 baztertu (lehendik biktima gisa aitortu dituztelako edo gai zein denbora arrazoiengatik deialdiarekin bat egiten ez dutelako).


Hala, hildako biktimen familiako kideei 135.000 euroko kalte-ordaina emango die Jaurlaritzak, eta 35.000 eta 95.000 euro bitarteko zenbatekoa jasoko dute zauritutako biktimek. Kasu guztien inguruko erabakiak gehiengoz hartu dituzte. Batzordeak 55 eskaera jaso ditu, horietako 21 heriotzagatik izan dira, beste 32 lesioengatik, eta gainerako bien eragilea ezin izan da zehaztu. Horietatik guztietatik 15 aztertu dira, eta 11 ebazpen kaleratu dituzte.

Txiki eta Otaegiren kasuetan, heriotza zigorra ezarri zien gerra-kontseiluan epaiketa bidezko bat izateko eskubidea urratu egin zela uste du lantaldeak. Txema Urquijo Terrorismoaren Biktimen Bulegoko zuzendaria ziur da Txiki eta Otaegi biktima gisa aitortzeak ez duela polemikarik piztuko, izan ere, ''giza eskubideen urraketa jaso zuen biktima bat aitortzea baino ez da, ez omentzea''.


Biktima gehiago


Hauek dira biktima gisa aitortu dituzten beste hildakoak: bere etxebizitzatik manifestazio bat ikusten ari zela Poliziaren bala batek hil zuen Antonio Fernandez Elorriaga (1969); indar polizial edo parapolizialek Bilbon hil zuten Francisco Javier Nulez Fernandez (1977); Urabaingo (Araba) elizako kanpaiak jotzera zihoanean Poliziak hil zuen Segundo Arteaga Perez de Unzueta (1969); Poliziaren kontrolgune batean metrailatu zuten Francisco Javier Batarrita (1961), eta Guardia Zibilaren agente batek Eibarren ospatutako kontzertu baten ondorioz sortutako eztabaida batean hil zuen Alberto Soliño Mazachs (1976).

Azken aitortza Antxone Telleriarentzat izan da, 1977. urtean Lekeitioko Andre Maria eliza husten ari zirenean larri zauritu baitzuten. 35.000 eta 95.000 euro arteko kalte-ordaina eman beharko diote.


2012/11/16

UNESCO: Ondarearen Nazioarteko Lehen Eguna gaur ospatzen da


Ekainberriko zaldia eta bisontea © CC BY-SA: Xabier Eskisabel

UNESCOk Gizateriaren ondare izendatutakoak Hego Euskal Herrian

  • Paleolito garaikoak diren Altxerriko, Santimamiñeko eta Ekaingo kobazuloak

Zaldiak. Argazkia:: EFE
Bideoa: Ekainberri kobazuloa. GipuzkoaKultura, YouTube, 2010.12.17

    Bisonteak. Argazkia: Eusko Jaurlaritza






    2012/11/10

    Basterretxearen erakusketa ikusgai Gipuzkoako Batzar Nagusietan





    l.ferro, hamaikatv.com, 2012-11-09, Where: Donostia


    Nestor Basterretxearen Cosmogonia Vasca bilduma osoa Gipuzkoako Batzar Nagusietan dago. Zurezko hainbat eskulturek osatzen dute eta orain arte zatiak banandurik egon ostean, azkenean leku berean bildu ditu eskultoreak.


    2012/11/09

    Garrasia Saharatik





    Komunitate internazionalaren ezikusiaren eta Marokoko erregimenaren indarkeriaren artean arrapaturik, herrialde sahararrak era baketsu batean borrokatzen du bere lurraldea eta subiranotasuna berreskuratzeko. Mundubat, Gobernuz Kanpoko Erakundeak, saharar zibilei ahaztutako gatazka honek zein ondorio latzgarri dakarzkien ikertzen ari da, emakumearen papera azpimarratuz. Eutsi ezina den egoera hau salatu, eztabaida global bat ireki eta enbargu mediatikoa hausteko, Mundubat-eko talde batek sahararrak bizi diren hainbat lekuetan jasaten duten egoera dokumentatu dute, Marokok okupatutako Mendebaldeko Sahara bereziki kontutan izanez. Giza eskubideekin konprometituak dauden aktibista batzuen eskutik jakingo dugu ezezaguna den erresistentzia bat, torturatua, gartzelaratua eta isildua den erresistentzia. Bien bitartean Europak beste alde batera begiratzen du.

    2008 // 42 min

    Zuzendaritza eta gidoia: Unai Aranzadi

    Ekoizpena: Independent Docs TV

      Kreditua: Argia aldizkaria.

    Insumisioa. 20 urte desobeditzen

    Insumisoak Bilboko Gobernu Militarrean

    Argia aldizkariak (argia.com) erakusten duen dokumentalak "Estatu espainiarreko azken garaietako antimilitarismoaren eta kontzientzia-eragozpenaren historia erakusten du. Francoren diktaduraren azken urteetatik gaur arteko epea azaltzen da. Insumisioaren kanpaina du ardatz, izan ere, milaka gaztek egin zioten uko ejertzitoari gizarte desmilitarizatu bat eraikitzeko helburuarekin, baita kartzela zigorrak beren gain hartuz ere. Azken urteotan Gobernuak talde antimilitaristak desmobilizatzeko ahalegin ugari egin ditu. Baina estrategia zibil ezbiolentoaren ekimenak gizartean sakon sartzea lortu du, eta emaitza oparoa izan du. Gaur egun mugimenduaren ikur diren hainbat ekintza biltzen ditu dokumentalak, eta nazioartean ere aitortu zaion berezko estiloa sortu dute. Lan antimilitaristak oraindik dirau: derrigorrezko soldadutza bukaraztea dibertigarria izan bazen, ejertzitoa deuseztatzea itzelezko jaia izango da!


    2011 // 25min
    Egilea: Raúl Fdez. de Pinedo
    Ekoizlea: Bakearen Etxea, KEM-MOC
    Banatzailea: Eguzki Bideoak"

    2012/11/03

    Halloween euskal festa da ?


    Halloween Resurrection 2012: Halloween euskal festa bat da (IV)


    Bazetorren, urtero urrats bat aurrera emanez zetorren, eta aurten erabateko desenbarkoa gertatu da, aurten Halloween Resurrection ikusi ahal izan dugu gure herriko kaleetan.

    Halloween Resurrection 2012: Halloween euskal festa bat da (IV)
    Eta orain bai, orain hasi gara horren inguruan hitz egiten, eta eztabaida txiki bat ere sortu dela dirudi, batzuk kontra yankia delako, beste batzuk alde, jatorrian zelta zelako, paganoa zelako edo dibertigarria delako.


    Orain bost urte, Bilbon, mozorro denda batean sartu eta Halloween-en inguruko hamaika kalabaza eta mozorro ikusi nituen, saltzaileari galdetu eta argi esan zidan "urtetik urtera izugarri igotzen ari da Halloween, ekartzen dudan guztia saltzen dut eta hurrengo urtean bikoitza ekarrita berriz ere agortzen zait". Hortik aurrera, interes handiz jarraitu dut festa honen bilakaera Euskal Herrian.



    Gaba Beltza


    Halloween-en inguruan apur bat irakurtzen hasi eta berehala ohartu nintzen Europa osoan Erdi Arotik gutxienez ospatzen diren Neguko Festen (San Martin, San Nikolas, Olentzero, inauteriak,...) beste aldaera bat baino ez dela. 


    Kuestazioa San Nikolas-en aitzakian. Argazkia: Nicolas Ardanaz (1959). 



    Eta horretan nenbilela, harridura kolpe handiena etxetik etorri zitzaidan, horri buruz ari nintzela aitak esan zidanean berak ere ospatzen zuela Halloween, gaztetxoa zenean, Zizurkilen, 1950eko hamarkadan.



    Hariari tira egin gabe bakarrik joan da askatzen. Aian, Berrizen, Eibarren, Arabako Errioxan, Oiartzunen... bila joan gabe agertzen joan dira testigantzak: kalabazak baratzetan lapurtu, hustu, kandelak jarri eta bide bazterretan eta toki ilunetan (garai horretan gehienak) jartzen zituzten nerabeek. 



    Halloween euskal festa zen beraz. Ez zitzaion Halloween deituko, ez? Ba bai, Halloween zuen izena, baina euskaraz, noski: Animen Eguna edo Animen Gaua. Izan ere, horixe esan nahi du Halloween-ek: "anima guztien gaua". Mutrikun orain hamabost urte berreskuratu zuten eta izen propioarekin gainera: Gaba Beltza. 



    2012 honetan ikusi duguna erabateko Halloween Resurrection bat izan da. Azken urteetan ari zen festa bidea egiten, mozorro eta bazar erako denden eta taberna eta diskote batzuen ekimenez. Baina aurtengo zabaltze izugarri honen atzean merkataritza industria dago, nire ustez. 



    Merkataritza



    Halloween-eko mozorroen, maskaren eta plastikozko kalabazen industriak denda txiki eta merkatal zentru handietan sarrera indartsua egin du, eta emaitza izugarria izan da. Eibarko El Corte Inglesek eremu oso-oso bat omen zegoen (ez du nik neuk ikusi, baina hala esan didate) Halloween-en mozorro eta abarrekin. Azken bi urteetan bezala Halloween mozorroen festa antolatu du dendaren atarian, eta kiroldegiko dantza moderno eskolako ikasleek Halloween tankerako (Thriller e.a.) hainbat dantza eskaini dituzte.


    Halloween Eroski Eibar 


    Eibarko Eroski hipermerkatu handian ere apalategi oso bat zegoen Halloweeni zuzenduta, eta denda sarreran, umeei Halloweeni buruzko marrazkiak egin eta Halloween marrazki lehiaketan parte hartzera gonbidatzen zituzten umeak. 


    Halloween Eroski Eibar 


    Zer esanik ez Bazar txinatarretan, dena euro bakarrean iragartzen duten horietan, jostailu eta mozorro dendetan, e.a. Halloween-en merkatari-industria saltoki tamaina guztietara iritsi da aurten.



    Ostalaritza



    Taberna, pub eta gaueko festa guneak larri dabiltza krisiarekin, eta argi dute edozein aitzakia ona dela festa egiteko. Hor ere Halloween festen eztanda ezagutu dugu: tabernak girotuta, zerbitzariak mozorrotuta, lehen tragoa dohain mozorrotuta zetorrenari, e.a. Dena den, esango nuke taberna giroan oraindik ez duela kale giroan hartu duen indarra hartu Halloweeen-ek. Zergatik? Festazaleen adinagatik. Halloween invasion honi erantzun zabala eman diotenak umeak (6-12) eta nerabe gazteenak (12-16)  direla iruditu zait, eta horiek ez dira tabernetako bezero.



    Aisialdia



    Merkataritza eta ostalaritzarena ikusten zen bazetorrela. Baina sorpresa handiena aisialdian hartu dut. Ez dakit zenbateraino zabaldu den kontu hau aisialdian, baina Eibarren, Gaztelekuaren dinamizazioaz arduratzen den Astixa enpresak (euskalgintzarekin lotutakoa) Halloween maskara eta mozorroak egiteko tallerra antolatu zuela ikusi nuenean zur eta lur geratu nintzen. Arduradunek beraien kezka aitortu zidaten, baina nerabeengana "iristeko" dituzten zailtasunak ere bai, alegia, haien intereseko jarduera proposamenekin asmatzeko zailtasunak. Horregatik, Halloween-ekin interesa antzeman zietelako gazteei antolatu zuten jarduera.

    Ekonomia, ergela, ekonomia



    Niri gai hau asko interesatzen zait, herri kulturako adierazpenak, folklorea deitzen den hori, nola eraldatzen, berritzen, galtzen eta berpizten den erakusten digulako, eta orain eta hemen, gure begien aurrean gertatzen ari delako. Iruditzen zait folklore ikertzaile eta antropologoentzat aukera zoragarria dela, gure aurrean gertatzen ari den gauza bat aztertu  eta ikertzeko. Normalean iraganean gertatu izan diren prozesuak ikertzen dira, eta horiek askoz zailago dira behar bezala ulertzeko. Hau gure mutur aurrean gertatzen ari den fenomenoa da, eta beraz, aukera bikaina. 



    Orain gutxi hil berri den Eric Hobsbawm-ekin akordatzen naiz. Tradizioak nola sortu eta eraldatzen diren frogatzeko duela hainbat urteko adibideak (Eskoziarren kilt-a, e.a.) erabili behar izan zituen. Gaur egungo gertatzen direnak ezagutzeak, lehengoak nola gertatu ote ziren asmatzeko laguntza handia eskaintzen digulakoan nago. Eta gaur egun, ekonomiak festa eta tradizioen heriotza eta berpiztean duen eragina ezagututa, nork dio orain mende batzuetakoetan ez zuela hainbestekoa edo gehiagokoa izango?

    Heriotza eta berpiztearen zapore mingotsa

    Aldaketa kultural harrigarri baten testigu izateko aukera pozgarria da, baina aldaketa horren xehetasunek zapore mingotsa, nahiko mingotsa uzten didate niri. Argi daukat Halloween-en olatu honen aurka ezin dudala borrokatu. Baina horrek ez du esan nahi gertatzen ari dena gustatzen ari zaidanik. Zer ez zait gustatzen?

    Hasteko, ez zait gustatzen gure buruaz esaten diguna. Ziur aski bi mila urtez, gutxienez, ospatu da Euskal Herrian animen gaua. Aurretik ere bai, baina, gutxienez milurte bat. Belaunaldiz belaunaldi, hizkuntza eta kultura oso baten barruan transmititu da festa. Aldaketak izango ziren noski, eta kalabazak ere auskalo noiz sartuko ziren festan. Baina festa izango zen. Eta noiz eten da katea? Orain 30-40 urte. Gure gurasoak izan dira azken belaunaldia. Bale, gizartea aldatu da, kultura aldatu da, eta gertatzen dira horrelako gauzak. 

    Baina ahaztura? Gure gurasoek ospatzen zutela ez ezagutzea, belaunaldi bakarrean festa desagertu eta erabat ahaztea, eta orain, amerikarra, irlandarra, zelta edo paganoa dela pentsatuta itsu-itsuan geureganatzea... Horrek gutaz, gure kulturaz esaten duena kezkatzekoa iruditzen zait. 

    Festa soil bat?

    Zenbaitek esaten didazue festa bat baino ez dela, ez emateko horrenbeste garrantziarik. Niretzat ez da festa soil bat, baizik eta funtzionatzeko modu bat da. Hori berori gure hizkuntzarekin, edo orain gure kulturaren oinarrizko ezaugarritzat ditugun beste adierazpen batzuekin egingo bagenu, balorazio desberdina  jasoko lukeela iruditzen zait. Adibidez, imajinatzen bertsolaritza hiltzen utzi izan bagenu (animen gauarekin batera, hortxe-hortxe izan zen) eta orain rap-era erabat emango bagina?

    Gau beltzetik Halloweenera

    Festa bera da, bai, baina ospatzeko moduan hainbat aldaketa gertatu dira, eta esango nuke, hor galtzen atera garela nabarmen. Zertan? Bi adibide:



    1. Birziklatzea vs kontsumismoa. Animen gauaren euskal ospakizunean ez zegoen plastikozko mozorro, maskara eta kalabazarik erosi beharrik. Inauterietan bezala, mozorroaren helburu nagusia, gure burua ezkutatzea, inork ez ezagutzea, aurpegia estaltzea zen, eta horretarako nahikoa ziren oihal zahar bat. 






    Kalabazak ere baratzetan harrapatu (lapurtu gogortxoa egiten da orain esateko, baina halaxe zen) eta kitto. Grazia handirik ez zien egingo baserritarrei, baina urteroko kontua zenez, ziur aski batzuk nahita utziko zituzten kalabaza batzuk baratzean jaso gabe, gazte harraparien zain. 



    Jakina, Halloween berria merkataritza-industriak bultzatu du, eta helburua mozorroak eta maskarak saltzea da, beraz, horretan ziri ederra sartu digute, eta gainera, festak egiteko modu merke eta jasangarriagoa baztertu dugu.






    2. Truco-o-trato vs aginaldoa. Neguko festen ezaugarri nagusietakoa etxez-etxeko (eta atez-ateko!) kuestazio erronda da (edo izan da). Gazte taldeek baserriz-baserri eta etxez-etxeko jira egiten dute, mozorrotuta (inauterietan) edo kantuan (Santa Eskean, Olentzerotan,...) eta jakiak, dirua edo goxokiak biltzen. 



    Europa osoan ospatzen dira mota honetako neguko festak, eta Halloween horixe da funtsean. Eta eskatzeko hamaika formula desberdin erabiltzen dira, adibidez: "Aginaldo, aginaldo, urdaia bota ta ixilduko!" edo "emongo bozu emoizu, bestela ezetz esaizu, ate osteko haiziak hartzen amak ez gaitu bialdu!". Mutrikun, Gaba Beltzean, kalabazak atarietan jarri, eta esakera polita kantatzen zuten: "Xesteron kontra, animen alde...". Xestero Mutrikuko ehortzailearen izena omen zen. 



    Orain truco-o-trato da formula (ez dut uste trick-or-treat erabili dutenik gure gazteek), eta horrek ere pena ematen dit, euskaraz eske-kantu eta esakera oso politak izanik, inglesetik gaztelerara itzulitakoa nagusitzea.

    Akulturazioa



    Azken batean, Animen Gauaren heriotza eta Halloween-en berpiztea, akulturazio eta homogeneizazio prozesuen adibide ikusgarri bat da. Atzo twitterren idatzi nuen indio-oilar bat erostera nindoala laster dugulako ate joka Thanksgiving day. Artikulu honetan irakurri dut Día de Acción de Gracias festa yankia ez dugula Halloween bezala irentsiko, bata festa dibertigarria delako eta indiolarra berriz jateko lehorra dela. 



    Ziur aski arrazoia izango du eta ez dugu Thanksgivin day ospatuko epe motzean, baina ez indiolarra lehorra delako, baizik eta indio-oilarren industriak oraindik ez duelako gure eremu hau bere merkatu berriak zabaltzeko bere plan estrategikoan sartu. Baina hasi gaitezke indiolarra jateko errezeta on bat edo saltsa egoki bat aurkitzen, ze Corte Ingles-ek eta Eroskik indioilar eszedente bat Euskal Herrian merkaturatzea komeni zaiela erabakitzen duten egunean... 





    Dokumentala ETBn: Franco diktadoreak udak Donostian emateko ohitura zuen

    Datorren astelehen gauean ETBk emango duen dokumental batek egonaldi horien kronika egingo du. 
    Eitb.com, 2012/11/01



    2012/10/31

    The Land of the Basques - Orson Welles Full documentary with Basque subs

    1955. urtean “Munduan zehar Orson Wellesekin” deituriko dokumental sorta egin zuen Wellesek BBCrako. Ziburun grabaturiko 44 minututako bideo hau bilduma horren atal bat da.

    Kreditua: Aitor Zabaletaren bloga, Munduari So !.

    2012/10/29

    Siriako gerra giroa herrialdeko ondare historikoa kaltetzen ari da

    Eitb.com, 2012/10/28

    Bonbek txikituta utzi dute Alepoko hiri zaharra. Eta Damaskon arte lanak gordetzen ari dira, hiri erdira iristear dauden borroketatik babesteko.

    2012/10/15

    Dron-ak arkeologian ere erabiltzen dira

    Gerrako ondare arkitektonikoa

    Oroimena birrintzen

    Munduko toki askotan gerrako ondare arkitektonikoa modu berezian zaindu izan dute erakunde eta gobernuek, berdin memoria historikoa berreskuratzeko, nola turismoa erakartzeko. Adibideak ugari dira: Krakoviako Auschwitzen eraikitako hilketa-zelaia, Eskoziako Orkadetan presoek eraikitako gerrarako hesiak… Eta gurean? Salbuespen gutxi batzuk kenduta –esaterako, Intxortan auzolanean berrikitan berreskuratu dituzten lubakiak– hilzorian da ondare hori. Toki sinbolikoak birrindu dira eskrupulorik gabe eta eraikinak ezezagutzara kondenatu dituzte utzikeriaz. Eztizen Miranda eta Aitor Azurki kazetariek adibide bana ekarri dute orriotara.

    Aitor Azurki,  Eztizen Miranda


    Garellanoko kuartela, eraikin estrategikoa Gerra Zibilean
    Garellanoko kuartela, eraikin estrategikoa Gerra Zibilean (Eztizen Miranda)

    Gaintxurizketako gotorlerroa nekazal biltegi

    Erresistentzia errepublikarraren beldur, 1939 eta 1940 artean hainbat kilometroko Vallespin gotorlerroa eraiki zuen Francok Gipuzkoako mugan. Egun, besteak beste, patatak, sandiak, usoak eta untxiak gordetzeko biltegi gisa erabiltzen dituzte bunkerrok Hondarribia eta Irungo baserritarrek.


    Testua: Aitor Azurki

    Gaintxurizketako N-1 errepidetik igarotzen den makina bat gidarik ez du sekula imajinatu ingurua porlanezko gotorlekuz eta lurrazpiko pasabidez josita dagoenik. Lehenengo albisteak 2006ko uztailean azaleratu ziren, errepidea zabaltzeko lanetan langileek bunker hauetako gutxi batzuk topatu baitzituzten. Balio historikorik ez zutela argudiatuz, traba egiten zuen oro eraitsi egin zuten orduan.

    Hala eta guztiz ere, porlanezko eraikinok historia luzea dutela ezin uka. 1939an eta 1940an, Iparraldean erbesteratutako errepublikarren balizko erasoei eutsi asmoz, frankistek zenbait kilometroko defentsa-lerroa eraiki zuten Pirinioak gotortzeko. Vallespin teniente koronelaren gidaritzapean, Gipuzkoa eta Nafarroako lurrazpia tunelez, metrailadore-habiaz, aginte-postuz eta abarrez josi zuten, horretarako langile batailoietako errepublikar presoak erabiliz. Hondarribia eta Irungo Gaintxurizketa nahiz Arkaleko ingurumarietako auzotarrek “betidanik” ezagutu dute gudarako inoiz erabili ez zen Vallespin gotorlerroa; lasai asko bizi izan dira hamarkada luzez bunkerren artean. Hori gutxi balitz, beste erabilera batzuk eman dizkiete gerla-eraikin horiei.

    Jaitzubia auzoko Eskamendi sendiak, adibidez, oso gertutik bizi izan du bunkerren historia. Txikitan pasabideetan barna jolasean ibiltzen ziren, bat edo bat usategi gisa erabili izan dute ingurukoek, eta baratzerako ura ere bertatik ateratzen zutela dio Salvador Eskamendik. “Bunkerrak eraikitzen jende asko hil zela komentatzen zuten, dirudienez, hau dena eskuz egin baitzuten, mandoekin gainera, sei edo zazpi urtetan!”, azaldu du. Garai bateko kontrabandoaren lekuko ere izan dira metrailadore-habiok: “Barruan izututako portugaldarrak ikusi izan ditut. Noski, bagenekien mugalarien zain zeudela, alde batetik bestera igarotzeko”.

    Auzo bereko Aginagasasi baserriko Manuel Zubeldiak 77 urte ditu eta oso ongi ezagutzen ditu inguruko guda-eraikinen kokalekuak, gaztetan barruan ibilia baita. 1943an presoak ez, militarrak ikusten zituela lanean ziurtatu digu: “Ingeniariak gainera! Kamioiak etortzen ziren hona, kaki koloreko soldaduek saskietan porlana bota eta eskutik eskura pasatzen zituzten otarrak: “¡Eh, chaval! ¡Ven aquí!”, esaten ziguten batzuetan”. Baserritik gertu, mendian gora, militarren barrakoiak zeuden: “Brigadak hornidura gordetzen zuen: olioa, arroza… Eta gau batean soldaduek janaria lapurtu, hona etorri eta saldu egin ziguten. Esne bila ere etortzen ziren, eta trukean ogia ekarri”, esplikatu du Zubeldiak. 

    Enpresetako aldagela 

    Erakundeek gerra-gotorlekuok zaindu ez badituzte ere, modu praktikoan berrerabiltzen jakin du egungo jendarteak
    Diktaduran zehar, gudari eta zibilen presondegi bihurtu ziren horma haiek, 1936an askatasunaren ikur izandakoak.


    Idorpe Teilatuak etxebizitzen estalduren negozioak metrailadore-habia txikia du bere Hondarribiko instalazioetan. Hau baino lehenago beste enpresa bat zegoen bertan, eta gotorlekua aldagela gisa erabiltzen zutela azaldu dute Iñaki Indakoetxea eta Joxe Telletxea langileek. Orain bi urte etorri zen Idorpe Teilatuak leku honetara eta goitik behera garbitu dute: “Atontzen aritu gara, barruan dena urez gainezka baitzegoen, lokatzez eta amaraunez beteta”, dio Indakoetxeak. “Metro bateko sastrakak moztu eta eskailerak ere berritu ditugu”, gaineratu du bere kideak harro. Hala ere, argitu dute oraindik ez diotela erabilpen garbirik eman.

    Enpresa honetatik oso hurbil bizi dira Las Doce Tribus taldeko kide batzuk. Lurra lantzen dute eta euren lursailetan zenbait bunker dituzte, baina horietatik bakarra atondu dute biltegi moduan. “Lehen iluna eta zikina zegoen. Beldurra ematen zuen hemendik pasatzeak! Horregatik, duela hilabete gutxi txukundu eta argia jarri genuen uzta gordetzeko, fresko egiten baitu. Tenperatura beti berdina da, eta patatak, gainera, iluntasuna behar du. Oraintxe patatak eta sandiak ditugu”, azaldu digu Pedrok. Produktuok beraiek kontsumitzeko eta saltzeko ekoizten dituzte. Segurtasunerako burdinazko atea ipini diote sarreran hainbat metro luze eta zabal den bunker ederrari.

    Lursail horiek baino apur bat goraxeago, Istillaundi-Zar baserria dago. Bertako Manuel Urzelaieta 68 urteko oiartzuarrak bi bunker erakutsi dizkigu. Bata, untxiz beteriko kaiolaz josirik. Sarrera oso zabala du porlanezko bunkerrak eta hesia ipini dute ate gisa. “Betidanik erabili dugu sagardo-botilak, untxi batzuk eta horrelako gauzak gordetzeko. Honek ez du pasabiderik, baina bai pareta moduko hori”, azaldu digu, zapaltzen ari garen lurraren porlanezko oinarri zabala erakutsiz. Bigarren gotorlekua berrehun metrora dago, baina hutsik dute erabat. “Oiloak-eta sartzen dira bertan, baina hemen ez dugu trasterik”. Hori bai, zinez txukuna eta garbia dute bigarrena; seinale da zaintzen dutela.

    Erakundeek gerra-gotorlekuok zaindu ez badituzte ere, iraganeko biztanleen terrore eta sufrimendua atzean utzi eta modu praktikoan bere egin eta berrerabiltzen jakin du egungo jendarteak. 


    55.000 metro koadroko hobi komuna Garellanon


    Bilbok, beste hainbat herrik bezala, 1936ko Gerraren historia gordetzen du kaleetan, baina boterearen eta hirigintzaren itsukeria herriaren beraren nortasuna lurperatzen ari da.

    Testua: Eztizen Miranda

    Espainiako II. Errepublikaren azken hilabeteak ziren, 1936ko otsaila, eta Frente Popularrak irabazi zituen hauteskundeak. Artean, estatu-kolpea prestatzen ziharduten eskumako indar politiko tradizionalistak, monarkikoak eta faxistak.

    Bilbon Afrikako altxamenduaren berri jakin bezain pronto, Jose Echevarria Novoa Bizkaiko gobernadore zibila eta Bilboko Garellano erregimentuko burua, Joaquín Vidal Munarriz teniente koronela bildu ziren. Batailoiaren buruzagiak militarren leialtasunaz zalantzak zituen, ezaguna baitzuen isilpeko irratia zegoela kuartelean eta, berak agindu barik, gotorlekuak eraiki zituztela bertan; zertarako eta kolpearen kontra zibilek parte hartu zezaten eragozteko. Vidalek bazituen uste osoko soldaduak, eta horiek errepublikaren alde borrokatuko zirena seguru zen. Baina gizon haiekin nahikoa ez zuela izango uste zuen, eta horregatik eskatu zion laguntza Echevarria Novoari; gobernadoreak berehala eskaini zizkion Frente Popularraren baliabideak kuartela babesteko.

    Basurtora bueltatu zenean, Garellanoko buruak zenbait ofizial ikusi zituen gainerako soldaduak kolpearen alde konbentzitu nahian, baina horretarako agindu ofizialik ez zen inoiz heldu kasernara. Arean ere, Iruñean zegoen García Escamez jeneralak gobernadore militarrari estatu-kolpearekin bat egin zezala agintzeko deitu zionean, honek, Andres Fernandez Piñeruak, “¡Viva la República!” oihukatuz erantzun zion. Handik gutxira, Mola jeneralak berak deitu zuen Garellanoko erregimentura zuzenean estatu-kolpearen ordenantza emateko, ordurako, ordea, kasernako telefonoak desbideratuta zituzten Gobernu Zibilera eta horri esker, Echevarria Novoak errepublikaren aldeko erantzuna berretsi zuen, oraingo honetan Mola jeneralari berari 

    Militar eta zibil, elkarrekin faxismoaren kontrako borrokan


    Espainiako hainbat zonaldetan estatu-kolpeak arrakasta izan zuen, Bilbon, bizkitartean, indar militarrek Kale Nagusia zeharkatu zuten uztailaren 19an demokraziaren alde: Guardia Zibila, Asaltoko Guardia, segurtasun guardiak, mugazainak, miñoiak eta Garellanoko batailoia izan ziren bertan.

    Egun berean, kolpistak Bizkaian sartzea saihesteko, Garellanoko lehenengo zutabeak Legutiorako bidea hartu zuen, Vidal Teniente Koronela buru zuela. Garellanoko kuartelean hartutako erabakiek ahalbidetu zuten faxismoaren kontrako defentsa zibil eta militarra eratzea Euskal Herrian. Gerra hasita, zibil asko soldadu bihurtu ziren, izena Garellanon eman ondoren; gudaletxean biltzen ziren gudariak frontera joateko, eta horrela bihurtu ziren kaserna zaharraren harresiak euskal historiaren lekuko. 

    Jaurlaritzaren eraketa


    Egoera horretan baino ez zen posible izan Euskal Autonomia Estatutua sortzea, 1936ko urrian. Orduan, Jose Antonio Agirre eta Lekube izendatu zuten Jaurlaritzako lehen lehendakari eta egungo Carlton Hotelaren balkoitik egin zuen deia “Euzkadiren askatasunaren alde”.
    Jaurlaritzarekin batera Euzko Gudarostea sortu zuten eta Vidalek eta Piñeruak ardura handiko karguak izan zituzten euskal armadan. Horiekin batera, Modesto Aranbarri Bilboko Udaltzaingoko arduraduna izendatu zuten euskal ejertzitoaren operazio buru.

    Urkulu mendiko borroken ostean, 1937ko ekainaren 15ean, frankistek Bilbo bonbardatu zuten, eta hildako eta zauritu ugari izan zen, baina kaserna zutik mantendu zen. Egun batzuk geroago, Hego Euskal Herri osoa frankisten esku zegoen. Uztailean, Garellanoko erregimentuak eta Euzko Gudarosteko beste hainbat gudarik mendebaldera jo zuten borrokan jarraitzeko, urrian Santander kolpisten menpe geratu arte. Hortik aurrera ez dago Garellanokoen berri: batzuek beste batailoietan jarraitu zuten; zenbait etxera joan ziren; kolpisten bandoan borrokatu ziren hainbat hortik aurrera.

    Basurtoko kasernari dagokionez, frankisten gotorleku bihurtu zen, Garellanoko erregimentu berriaren kuartela. Hori horrela, diktaduran zehar, gudari eta zibilen presondegi bihurtu ziren horma haiek, 1936an askatasunaren ikur izandakoak.

    Militarrek 1983an egin zuten alde Basurtutik, eta orduan, Bilboko Udalak Segurtasun Zerbitzuak eraman zituen kasernara; udaltzainak Garellanora itzuli ziren beraz. 

    Ahanztura: hirigintza-irabazien kondena


    Aurten, kolpistak Bilbon sartu zirela 75 urte bete direnean, hirigintzaren hazkundeak bere egin du historiaren hondamena. Izan ere, 1937ko ekaineko bonbek lortu ez zutena lortu dute eraiste makinek 2012an, Garellanoko kuartela desagerrarazitea. Egunkariek diote eraiste ekologikoa izan dela, leialtasunaren aztarnak berrerabiliko dituztelako 1.050 etxebizitza berrien zimendu bihurtzeko. Horrenbestez, Euskal Herriaren historia eta nortasuna ehortziko dute hirigintza-irabazien zamarekin ireki ezingo dugun beste hobi komun batean.

    Telesforo Aranzadik esan zuen bezala “begiek ezagutzen dutena baino ez dute ikusten”. Basurtuko Garellanon hirigintza Master Plan baterako lurzoru gozoa ikusi zuten zenbait begik; hala bada, hezi ditzagun begiak bestelako ikurrak ikusezin bihur ez daitezen. Carlton Hotelak garai bateko Jaurlaritzaren sekretuak gordetzen ditu oraindik Bilboko Biribil Plazan; Errepublikako armarriak isilik darrai Espainiako Bankuaren aurreko horman; bonb
    en babeslekuen arnas-zuloak irekita daude zenbait etxebizitzen sotoetan; eta beste asko ere bai, ikusi nahi duten begien zain.
    Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...