Munduak azken urteotan bizi izan duen
gertakari inportanteenetako baten lekuko pribilegiatuak izan dira. Baina
garbi dute ez direla egia osoaren jabe. Ikusi dutena kontatzen saiatu
dira, horrek batzuetan kritikak eta gaizki ulertuak jasatea eragin badie
ere. Eta, Donostiako mahai inguruan bistan geratu zenez, asmo bakar
batek gidatu du beren lana: zintzotasunak.
Dabid LAZKANOITURBURU
Mun du arabiarrak bizi dituen matxinadak,
iraultzak, Udaberria... edo dena delakoa izan dute ardatz Donostiako
Udaleko Lankidetza Sailak hilabete hauetan antolatu dituen jardunaldiek.
Eta egitasmo horri amaiera ezin hobea eman zioten asteazken iluntzean
Donostiako San Telmo museoan hiru euskal kazetarik, mahai baten bueltan
bilduz.
Turkian harrapatu zuen Tunisiako iraultzak Mikel Aiestaran, gure artean ETBko «Teleberri»-etan eskaintzen dituen kronikengatik ezaguna dugun kazetaria. Tunisiatik Egiptora, Libiara, Yemenera, Siriara... «Ni batez ere Afganistanen eta Pakistanen aritua nintzen, niretzat, beraz, berria zen historia. Herrialde bitxiak ziren, ordura arte ez baitzegoen han lan egiteko sartzerik. Sekulako erronka izan zen niretzat jendeari azaltzen saiatzea zer-nolako garrantzia zuen eta duen mugimendu horrek».
GARAko kazetaria den Alberto Pradilla harro dago «prozesu historiko baten lekuko izan garelako. Oraindik ez gara kapaz barneratzeko mugimendu horren garrantzia, baina izugarria da duela hiru urte nola zeuden eta egun zeren aurrean gauden ikustea». Tunisiatik Libiara sartu zen iazko otsailean. «Oso luzea eta oso gogorra izan zen Libiakoa, azken finean iraultza baino gerra bat izan zen, esperientzia izugarria».
Karlos Zurutuza GARAko kolaboratzailea -egun «Berria» egunkarian argitaratzen ditu bere lanak- Iraken zegoen Udaberri Arabiarrak eztanda egon zuenean. «Horrelakoetan, istorioak kontatzeko tokian ez zaudela konturatzen zara, eta, nire lehen aldian, Afrikara salto egin nuen».
Tripolira sartzen saiatu ostean -«bisaren ordez hotelean guztiz kontrolatuta zeunden eta niretzat onartezina zen ekonomikoki, moralki eta profesionalki»-, eta «Bengasi eta Misratako fronteak kazetariz gainezka zeudela ikusita», Tunisiako mugatik Naffusako frontera iritsi zen. «Han deskubritu nituen amazighak, Gadaffiren aurka gerran zuzenean parte hartu zutenak, baina egun iraultzarekin oso etsita daudenak».
Baikorrak, baina baita kritikoak ere
Aiestaranek itxaropenarekin eta baikor ikusten du Tunisiako eta Egiptoko egoera. «Nire ustez islam berri batean aurrean gaude eta zortzi hamarkadatan klandestinitatean eta kartzeletan egon eta gero, nire ustez aukera bat merezi dute». Pradilla ados da askatasun demokratikoen aldetik «garaipen bat» izan dela, «baina justizia sozialari begira beldur naiz, islamisten ikuspegi ekonomikoa guztiz liberala delako; azkenean, berriz ere jokoan betiko aktore ekonomiko globalak sartuko direla uste dut».
Siriako egoera oso beltz ikusten dute. «Agenda eta interes asko daude eta gerra martxan jartzen denean prozesu demokratikoa eta aldarrikapenak lurperatuta geratzen dira», dio Aiestaranek.
Libian bezala, gehitzen du Pradillak, non «NATO matxinadaren fronte militarra bihurtu zen, hori bai, Al Jazeera katearen fronte mediatikoaren batera».
«Kazetaritzaren mugak arabiar iraultzetan» du izenburua mahai inguruak eta saihestezina zaio Maddalen Iriarteri informazioak iraultza hauek, garaipenak edo porrotak, zenbatetaraino baldintzatu dituen galdetzea. Zurutuzak adibide argi batekin erantzuten du: «Ekainean Aljerian izan naiz eta sahararrak elkarrizketatzeko aukera izan dut. Oso erraz ahaztu gara 2010ko urrian Aaiunen izan zen altxamenduarekin. Marokok prentsari ateak itxi zizkion. Beraiek esaten dute Tunisian, Egipton edo beste herrialdetan izandako oihartzunaren %30 izan balute sahararrak beste egoera batean egongo liratekeela gaur egun».
Pradilla ere bat dator eta Tunisian 2008an izan zen greba orokorra gogora ekarri du: «Al Jazeerak kasu egin ez zionez, ez zen kontagiorik izan, ez hiriburuan, ezta gainerako herrialdeetara ere».
Aiestaranek beste ikuspuntu bat jartzen du mahai gainean: «Erregimen haietan ez zegoen askatasunik eta Al Jazeerak ekarri zuen fenomenoa guztiz berritzailea izan da. Hunkigarria zen Tahrir plazan edo Bengasiko Askatasun plazan milaka pertsona ikustea telebistatik albisteak zuzenean jarraitzen. Zera adierazten zuten: `Telebistan agertzen gara, errealitatea hor dago'».
Gerra guztiak bezala, «Libiakoa ere mediatikoa zela ondo konturatu ziren matxinatuak. Hartzen zuten lurraldetan berehala mugak eta Internet zabaltzen zuten. Eta Gadaffik ez zuen hori ulertu», dio Pradillak.
Espontaneoa edota esku beltza
Kontagio efektuarekin bat dator Pradilla, baita Zurutuza ere, baina azken honek bere zalantzak eransten ditu: «Argi dago espontaneoa eta kutsagarria izan zela, baina Libiako kasua ikusita... Hor dago tesi hori, dena kanpotik prestatuta zegoela, programa zehatz baten barnean. Argi dago zuk ezin duzula motore bat martxan jarri gasolinarik ez badago, baina, hala ere, kosta egiten zait guzti honen argi-itzalak ulertzea. Ez daukat zalantzarik ni han egon naizen jendearekin egon eta gero, baina begi bistakoa zen Libian interbentzioa zegoela eta atentzioa deitu zidan zein ondo antolatuta zeuden prentsa aldetik. Norbaitek irakatsiko zien».
Esku beltzaren mamua aipatuta, jaso dituzten kritika oso gogor batzuk, CIAren morroiak zirela tartean, aipatu behar.
«Behar bezala informatzeko beste aukerarik ez zegoelako jo genuen Libian matxinoengana. Mertzenarioak, Al Kaedakoak eta drogazaleak zirela zioen Gadaffik. Nik herritarrak armak hartuta edota armarik gabe frontera joaten ikusi nituen, besterik ez. Eta ikusi nuena konta dezaket, ez besterik», dio Zurutuzak, Gadaffiren eta al-Assad Siriako presidentearen inguruan ezker mugimenduan egon den zatiketagatik mina agertuz.
Albertok ere gogor erantzuten die kritika hauei. «Pena ematen du batzuek bahitutako egunkariak irakurri nahi izatea, gustatzen ez zaizkien berriak ez direla agertu behar eta puntu pentsatzea. Kritikak guztiz beharrezkoak dira, baina gertakarietan oinarrituta edota gutxienez oinarri batekin».
Adibide gisa, «Gadaffiren kartzeletan torturatu egiten zela, frogekin gainera, idazten zenuenean NATOren aldekoa zinela leporatzen zizuten. Eta alderantziz egiten zenuenean, inolako aipamenik ez. Aurreiritzietan eta gezurretan oinarritzen diren iritzietan sartzeak ez du merezi», amaitzen du.
Etorkizunak nora eramango dituen galdetzerakoan, «Mendebaldearen interesen arabera» herrialdeak agertu eta desagertu egiten direla komunikabideetan onartzen du Aiestaranek. «Freelance kazetariak egunkarietako editoreek-eta erosteko asmoa duten ala ez, horren menpe gaude», azaldu zuen Zurutuzak. Pradillak, hala ere, «aukera gehiago ikusten ditut Euskal Herrian mota honetako kazetaritza egiteko Estatu espainolean baino», esan zuen. Ea laster hiruron kronika gehiago ditugun eskuartean. Eta ea iraultzak irabazle irten direla kontatzeko diguten horietan!
No hay comentarios:
Publicar un comentario