2012/07/30

Lezetxikiko kobazulo mitikoak kultur ondare izaera onartu gabe izaten jarraitzen du

 
Lezetxikiko kobazulo mitikoak kultur ondare izaera onartu gabe izaten jarraitzen du, nahiz eta «historiaurreko aztarnategi garrantzitsu bat» izan, aditu askoren aburuz. Bitartean, aurtengo arkeologia indusketa lanak, «aurkikuntza ugari» eginda, bukatu dira jada. Hiru aste iraun dute.
Iris MURILLO|Arrasate|30/07/2012
 
Lezetxiki
Lezetxikin indusketa lanetan aritu den taldea. (Gotzon ARANBURU)
Arrasateko udalerrian (Gipuzkoa) dagoen Lezetxiki kobazuloan hiru aste iraun duten indusketa lanak uztailaren 20an amaitu ziren, «aurkikuntza ugari» egin ostean, Alvaro Arrizabalagak, indusketa lanen zuzendari eta EHU-UPVko irakasleak, adierazi zuenaren arabera.
Kobazuloan egindako lanak bukatu ondoren, laborategi lanak hasi beharko dituzte, aurkitutako altxor arkeologiko bakoitzaren historia arakatzeko. Azken pausoa, berriz, gizarteari informazioa zabaltzea izango da.

Hala ere, «ikatz pila bat» topatu dutela aurreratu zuen arkeologo aintzatetsiak, eta hain zuzen, «gizakia kobazulo honetan egon zirela adierazten du horrek».

Lezetxiki kobazuloa ikusten duenak harritzen jarraitzen du. Duela gutxi Urkiaren sagua (Sicista betulina) espeziearen arrastoak topatu zituzten Arrizabalagak zuzendutako Aranzadiko lantaldeek. Hori oso aurkikuntza garrantzitsua izan zen; izan ere, Pleistozeno berantiar garaitik datorren espeziea da, eta gaur egun, Moskun baino ez da aurkitzen, hango klimatologia hotza dela-eta. Hori gutxi balitz bezala, abana bat aurkitu zuten mimo handiz indusketa lanean ari ziren «arkeologo» gazteek.

Izendapenaren zain

Arrizabalagak oroitarazi duenez, «Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du Lezetxiki kobazuloa ondare kulturaltzat hartu». Ildo horretan, bere sumindura agerian utzi zuen: «1991. urtetik ari gara eskaerak bidaltzen eta oraindik ez dugu erantzunik jaso».

Egun, kobazuloak dauden lurrak Arrasateko Udalaren jabetzakoak dira. Erakundeak erosi egin behar izan zituen, behar bezala babestu ahal izateko. Lakuaren jarrera axolagabearen aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Arrasateko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak beren indarrak batu egin dituzte aurten, urte hasieran, kobazuloa zaintzeko eta kultur ondare izendapena eskatzeko. Tamalez, saiakerak ez du espero zuten erantzuna jaso.

Ezin da ahaztu, kobazulo honetan arkeologikoki eta historikoki balio handiko aurkikuntzak egin direla: hiru giza espezie desberdinen fosilak (Homo heidelbergensis, neanderthalensis eta sapiens); primate baten arrastoak ere bai («Berberia makakoa» -ustez, Europan bizi izan ziren azkenetariko bat-); hiru hartz espezie desberdin, bi lehoi mota; errinozerontea; mamuta; bisontea... Horren guztiaren ondorioz, Lezetxikiko aztarnategia «penintsularen iparraldeko historiaurreko zentrorik garrantzitsuenetarikotzat jotzen dugu», nabarmendu zuen Arrizabalagak.

Era berean, hartzei buruzko ikerketan buru-belarri ari direla jakinarazi zuen arkeologoak, «hemen bizi izan ziren hartzak haragijaleak edo karniboroak zirela, eta ez soilik belarjaleak -uste ohi den bezala- frogatzen saiatuko gara».

1986. urtean hasi ziren Lezetxi kobazuloaren indusketa lanak, Joxemiel Barandiaranek (Ataun, 1889-1991) egindako lehen ikerketei jarraituz. Arkeologo eta antropologo honen lanei esker, euskal folklorearen historia «Europako aberatsena» dela gogorarazi zuen Arrizabalagak.

Hasieran, kobazulo honetako lanek lau urte iraungo zutela uste izan bazuten ere, jada, 26 urte luze daramate zeregin horretan eta dagoeneko 7,5 metroko sakoneran egin dituzte indusketa lanak. Arrizabalagaren ustetan, «hiru urte gehiago» egongo dira lan egiten, hala ere, denbora zehaztea ez da erraza, ez baitakite zer aurkituko duten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...