2012/06/25

Lauaxeta, 75 urte hil zutela

1937ko ekainaren 25ean, 32 urte zituela, frankistek Gasteizko hilerrian fusilatu zuten. Euskal idazle eta kazetariak kultur ondare oparoa utzi zuen, nahiz eta gazte zendu.  

Berria.info 2012-06-25 - 10:36:56
 
Irudian, Esteban Urkiaga 'Lauaxeta'.
 
Estepan Urkiaga Lauaxeta hil zutela 75 urte bete dira gaur. 1937ko ekainaren 25ean, 32 urte zituela, frankistek Gasteizko hilerrian fusilatu zuten. Euskal idazle eta kazetariak kultur ondare oparoa utzi zuen, nahiz eta gazte zendu.

Lauaxeta Laukiz herrian (Bizkaia) jaio zen 1905eko abuztuaren 3an. Ume koxkor zela Mungiara joan zen eta taberna bat jarri zuten gurasoek han. Herriko Ventades eskolan hartu zituen Lauaxetak bere lehen ikasketak. Abadetzarako bideari ekin zion gero eta Durangoko jesuitetan hasi zituen latin eta erretorikako ikasketak. Loiolan eta Oñan jarraitu zituen fraidetzako ikasketak, baina azkenerako, komentua utzi zuen.

Orohar, zazpi urte egin zituen Lauaxetak jesuitekin. Loiolako egonaldian ikaskide talde batekin Euskal Akademia eratu eta indartu zuen. Taldeak latineko klasikoen itzulpenak egiten zituen, gehienbat. Horrela, Loiolan erein zuten Lauaxeta literatur gizonaren hazia.

Komentua utzi eta soldadutza egin ondoren Euzkadi egunkarian hasi zen kazetari gisa lanean. Bertan hasi zen Esteban Urkiaga Lauaxeta ezizena erabiltzen. Hasieran Azalpenak zeritzon saila idazten zuen Lauaxetak. Iritzi artikuluak ziren horiek. Giro politikoari eta gizarteari buruzkoak gehienak, baina denetik aurki daiteke.

Interesgarriak dira, halaber, literaturari buruzko idatziak. Hurbiletik jarraitzen zuen Europako literatura eta maiz eskaini zizkion atzerriko literaturari liluraz beteriko artikuluak.

Garai hauetan idatzi ez ezik, beste hainbat zereginetan murgildu zen Lauaxeta: antzerki jaiak eta ekimen politiko eta kulturalak antolatzen, Emakume Abertzale Batza indartzen, euskarazko klaseak ematen, euskarazko irratsaioak sortu eta zabaltzen, euskal liburuaren erakusketak antolatzen, eta abar luze bat.

Gainera, galtzeko zorian ziren hainbat euskal kanta tradizional jaso zituen Lauaxetak eta egunkarian argitaratu.

1935ean literatur aldizkaria sortu nahi izan zuen Euzkadi egunkariaren orrialdeetan. Hainbat poema argitaratu ziren, gudak poeta berrien bultzatzaile zen poeta gazte haren ametsa moztu zuen arte.

Guda garaian zeregin guztiak utzi eta Euskal Gudarostean sartu zen Lauaxeta, lehendakariaren agindupean, komandante gradua jaso zuelarik. Ardura bi izan omen zituen; batetik intendentzia lanetan aritu zen, bestetik, propaganda saileko buruen artean zegoenez, Gudari aldizkaria eta euskara hutseko egunkari historiko bakarra, Eguna, kaleratu zituen.

1937ko apirilaren 26an junker alemaniarrek Gernika bonbardatu zuten. Hilaren 29an La Petite Gironde egunkariko Georges Berniard kazetariak Gernikara joan nahi du hiri kiskalduaren argazki batzuk ateratzeko asmoz. Laguntzeko eskatuko diote Lauaxetari. Han, arratsalde aldean, Faxistek atxilotuta Gasteizera eraman zuten Lauaxeta.

Heriotz zigorra ezarri zioten. Eusko Jaurlaritza saiatu zen, haatik, Velez deituriko preso batengatik trukatzen. Ustela izan zen asmoa eta ekainaren 25ean, goizaldean, hil zuten Gasteizko Santa Isabeleko kanposantuaren hormen kontra Lauaxeta poeta.

Heriotzaren zain zegoen artean idatzi zituen Lauaxetak poema hunkigarriak eta eskutitz sentikorrak, bere izaeraren eta egoera tragikoaren berri ematen zuten hizki garratzak.

Agiria: Lauaxetaren biografia eta lanak (Bidegileak bilduma)
Lauaxetaren lan guztien bilduma
Lauaxetaren hitzak, musika bihurturik
Kanta: Agur Euzkadi (Antton Valverde)

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...