2012/06/12

Gotzon Elortza zinemagile aitzindaria hil da, euskaraz egindako lehen film dokumentalen egilea

Igor Susaeta2012-06-12

Gotzon Elortza, Getxon, 2010eko maiatzean.
/ JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS

Delineatzaile modura Euskal Herrian diru gutxi irabazten zela eta, Gotzon Elortza (Bilbo, 1923 - Getxo, 2012) Parisera joan zen 1953an. Gogoko zuen argazkigintza, eta hirian zinemarekin ere zaletu zen.

Egun batean, Le Monde egunkarian artikulu bat irakurri zuen, hizkuntza minorizatuak eta ikus-entzunezkoak lotzen zituena. «Ikus-entzunezko laguntzarik ez duen hizkuntza hil egingo da luze gabe». Elortzaren hitzak dira, artikuluaren mamia laburbilduz. Eta ideia horri tiraka, euskaraz filmaturiko aurreneko dokumentalak egin zituen.

Askoren esanetan, euskal zinemagintzaren aitzindaria izan zen Elortza. Herenegun hil zen. Ereagatik Matxitxakora (1959), Aberria (1961), Elburua Gernika (1962) eta Avignon (1963) izan ziren Elortzak egindako dokumentalak.  

Haren ekarpenari merezitako sona ematearren, Euskadiko Filmategiak aurreneko hiru lanak zaharberritu eta kaleratu zituen iaz —BERRIArekin doan banatu ziren—. Gainera, Donostiako Zinemaldian ere eman zituzten, Zinemira sailean.
Euskal Herriaren ikuspegi orokorra erakusten ahalegintzen zen Elortza bere dokumentaletan. Berak esaten zuen «gerrikoa estutu» behar izan zuela material guztia erosteko. Lehendabizi, 16 milimetroko kamera, hiruoinekoa gero, ikusgailua, proiektorea... Eta hasi zen irudiak grabatzera Euskal Herrira etortzen. Beti ezkutuan. Beti Bisi Unanue emaztearekin. Auto zahar batean hamasei orduko bidaia egin, bi egun baliatu filmatzeko, eta laugarrenean, buelta etxera, Parisera. Ereagatik Matxitxakora dokumentalean, esaterako, Mundaka, Bermeo, Plentzia eta Gernika zer ziren azaldu nahi izan zuen. Gero, Parisko Euskal Etxean eta Baionan erakutsi zituen dokumentalak; baita Donostian eta Berangon ere (Bizkaia), geroago.
Den-dena bere kabuz egiten zuen Elortzak. Ahotsa jartzen zien eta etxean zituen diskoetatik kantu batzuk aukeratzen zituen zintara pasatzeko. «Lan asko egin behar zen. Benetan, sinesmena behar zen horrelako lan nekagarrian sartzeko. Sekulako lana zen. Ordu pila bat sartzen nituen hori egiteko; jakina, lantokian zortzi ordu eman eta gero», esaten zuen.
Aberria lanarekin (1961) Euskal Herriaren ikuspegi idiliko bat eman zuen, haurtzarotik zahartzarorainoko bidea eginda, eta baserriaren figura baliatuz. Jon Enbeita, Balendin Enbeita, Jon Lopategi, Victor Olaeta eta Aitor, Elortzaren beraren semea dira protagonistak.
Elburua Gernika-rekin erakutsi nahi zuen kontzientzia kolektibo bat indarra hartzen ari zela berriro. Halere, Elortzak esaten zuen bere dokumentalak «oso xaloak» zirela. «Izan ere, errepresioa oso handia zen garai hartan». Iruditzen zitzaion «lan psikologikoa» egin zuela batez ere. «Oso erakargarria zen pertsona bat, bi edo ehun pantaila batean jartzea; gainera, euskaraz hitz egiten eta euskal musika aditzen». Horregatik, adituek esaten dute filmaketa haiek balio etnografiko, historiko eta linguistiko handia dutela.
Margolaria ere bai
Lan haiek zirela eta, 1968an kartzelatu egin zuten, Basaurin. Agustin Ibarrola ezagutu zuen han, eta artistak margotzen erakutsi zion. Egurrean egindako grabatuen teknika landu zuen batez ere, eta horren emaitza izan ziren Gure herria eta Gure baserri margolanak. Kartzelatik atera zenean ez zuen filmak egiten jarraitu, dirurik ez zuelako. Baina jaso zuen onespena 40 urte geroago. «Guri esker, egun euskarako zinema dago». Artikulu batek eman zion ideia.

Bideo gehiago

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...